
Intxaurrondoko danborrada guztiek bat eginda joko dute aurten
Intxaurrondo
18:30ak aldera joko dute Sagastiederren; Intxaur Txiki haur danborrada helduenekin batera ariko da.
raul perez
Intxaurrondon zortzi danborrada ateratzen dira San Sebastian egunean. Zazpi helduen danborradak dira eta bat haurrena. Irurak, Haizalde, Boskotarrak, Mons, Artzak Ortzeok, Zulo Zahar eta Intxaurra dira helduen danborradak eta Intxaur Txiki, haurrena. Guztiek bat egingo dute aurten, 18:30ean Sagastiederren.
Auzoari bizitasuna eman nahian
Duela urte batzuk, Haizaldek 10 urte bete zituenean, antzeko elkarretaratzea eginzuten auzoko danborradek, baina ordukoarekin alderatuta, oraingoan haurrek ere joko dute. «Urtero zer edo zer berezia egin nahi dugu, auzoari bizitasuna emateko. Hau da, intxaurrondotarrek San Sebastian egunaz goza dezaten Erdialdean egon ohi den jendetzarekin ito gabe. Horregatik antolatu dugu aurten elkarretaratzea».
Oroigarrian geldialdia
Intxaur Txikiko haurrak 17:00etan aterako dira Valentzia plazatik eta Sagastieder pasealekurantz igoko dira. Bidean, Zarategi pasealekuan, geldialdia egingo dute. Joan den urtean auto istripuan hildako amona-bilobaren oroimenez jarritako plakaren aurrean joko dute eta ondoren Sagastiederrerantz abiatuko dira.
Sagastiederreko oholtzara igoko da Intxaur Txiki eta gainontzeko denboran behean egongo dira. Haur danborrada honetan bada aurten berrikuntzarik. Jantziak estreinatuko dituzte eta kupela joko duten neskek urketari jantzia eramango dute. Iaz kupel jotzaile guztiak sukaldari jantzita atera ziren. Intxaur Txikikoak kexu dira Udalarekin. «Ez digu lagundu, eta jantzi berriak auzoko dendari eta eragileei esker estreinatu ahal izango ditugu. Besteak beste, Union Artesanak ere lagundu digu». Dirua biltzeko Intxaur Txiki eguna antolatu baitzuen.
############
Intxaurra elkartearen danborradak, hamar urte
Gonbitea egin diete auzoko beste danborradei haiekin batera jotzeko urtarrilaren 20an.
r. perez
Intxaurra elkartearen danborradak hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. 1998an sortu zuten danborrada eta urtebete geroago atera zen lehen aldiz. Aurten, beraz, hamargarren urtez aterako dira.
Auzo elkarteak proposatu zien Intxaurrako kideei danborrada ateratzea. «Haiek sortu nahi zuten, baina zailtasunak zituztela ikusita guregana jo zuten», azaldu du danborradako kide Juanmi Bernadezek.
Hasiera ez zela xamurra izan gogoan du Bernadezek. «Utzitako danborrekin jo genuen lehen urtean». Jantzietan ere aldaketarik izan da. Lehen urteetan sukaldari jantzita atera ziren Intxaurrako kideak eta danborradak bost urte bete zituenean, danbor jotzaileentzat Napoleonen garaiko jantziak erosi zituzten.
Beste danborradei deia
Intxaurrak, ohi bezala, 00:00etan bandera jaso eta jotzeari ekingo dio. Auzoko beste danborradei gonbitea egin diete haiekin jotzeko. Jotzen hasi aurreko afaria berezia izango da, otxote bat izango baitute lagun. 90 bat lagunez osatuta dago danborrada eta sorreratik mistoa da.Txema Lizarrondo da danbor nagusia.
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.